XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MUSIKA HEZKUNTZA ESKOLAURREAN

Bideoaren bidez landu ditugun ariketa gehienak XIXUPIKA delako liburuetan oinarriturik daude.

Orain artean, gure inguruan behintzat, ez da beste metodologiarik argitaratu, eta ESKOLAURREKO MUSIKA HEZKUNTZARI dagokionez, bidezkoa iruditu zaigu XIXUPIKA delakoari eskaintzea gure saioen gidaritza, zeren eta, liburuak argitaratu ez ezik, handik eta hemendik ibiliak garenez ikastaroak moldatuz eta ikastaroak emanaz, ESKOLAURRE inguruan nabarmendu zaizkigun eskakizunei nolabaiteko erantzun bat emateko une honetan bakar bakarrik XIXUPIKA liburu eta disketan aurkitu ahal izan ditugu beharrezkoak genituen baliabideak eta esperientziak.

Honetaz, XIXUPIKA 1 eta XIXUPIKA 2 liburu eta diska/ kaseten eskutik eraman nahi izan ditugu bideo sail hauen hariak: 1.- MENDIALDEAN / ITSASALDEAN / 2.- DANTZEN LEHEN URRATSAK ETA JOLASMOTRIZITATEA / 3.- KANTUZ ETA IPUINAZ / 4.- FONOGRIÑA.

Lau kapitulu horiek direla bide, nolabaiteko erantzun bat eman nahi izan diegu HEZKUNTZA sailak MUSIKA arloan mailakatzen dituen lau atal bereziei: 1.-ENTZUMEN HEZKUNTZA / 2.- ERRITMO HEZKUNTZA / 3.-AHOTS HEZKUNTZA / 4.- MUSIKA TRESNEN BIDEZKO HEZKUNTZA.

Beraz, guk prestaturiko bideo lanetan erabili ditugun gaiak, ariketak eta argibideak, gehiengo batetan XIXUPIKA liburuetan daude.

Ikastaroak direla bide, eta beste zenbait irakasleren eritziak eta frogak baloratuz gero, esperientzi berriak argitaratzea baino bidezkoagoa iruditu zaigu XIXUPIKAK zehaztatu dizkigun esperientziaz baliatzea.

Argi utzi nahi genuke ez dugula musika eta beste ikasgaien arteko bereizketarik egin nahi izan.